2007-05-15

*JOLASAREN GARRANTZIA HAURTZAROAN*

Dagoeneko konturatuko zinen psikomotrizitateak jolasari eskeintzen dion garrantzia ez dela nolanahikoa. Baina egia esan, gaur egun bizi dugun garaian jolasak ez du merezi duen lekua eta denbora hartzen. Egia izan bada denborak aldatuz doalaz, eta beraiekin batera gizartea, noski. Kalera irten eta denbora tarte baten inguruan gertatzen denari erreparatzen badiogu, azkar asko konturatuko gara jendea lasterketa amaigabean bizi dela. Guztiok bizi gara antzitziketan, lanera joan, gimnasiora, errekauak egitera,... STOP!!


Zer ari da gertatzen gure inguruan? Dagoeneko ez daukagu aisialdiaz gozatzeko denborarik... Guzti honek argi dago, haurrengan egundoko eragina dauka eta hau esaten dudanean badakit zertaz hitz egiten dudan.

Dagoeneko pare bat urte dira haurrekin aisialdi denboran lanean hasi nintzenetik. Printzipioz aisialdi denbora hori haurren gozamenerako, elkarrekin erlazionatzeko, hizkuntza lantzeko,... prestatzen da, baina errealitatea bestelakoa da. Guraso askok gugana bidaltzen dituzte haurrak tarte horretan lanean edo egon behar dutelako. Niretzat hain garrantzitsua den denbora tarte hori gehiengoarentzat denbora-pasa hutsa baino ez da eta egia esan horrek amorru handia ematen dit. Haurrekin igarotzen dudan denbora jolasten ematen dugu. Hauxe da gehienek pentsatuko dutena, baina egia esan, jolasean ematen dugu denbora horretan haurrek izugarrizko lorpenak egiten dituzte: arauak jartzen eta errespetatzen ikasten dute, ingurukoei laguntza eskeintzen diete, galtzen eta irabazten ikasten dute, erlazionatu egiten dira, beraien mugak gainditzen dituzte,... Taldeetan izan ditudan haur batzuk galtzeak edo egin nahi zutena ezin egiteak sortzen zien frustrazioa gainditzen ikasi dute. Kideek esanbeharrekoa entzuten eta interesa jartzen ikasi dute,... Egia esan ni bezalako begirale apal batentzat jolasa hain garrantzitsua izanik, ezin dut ulertu jende argiak ematen dion garrantzi eskasa. Haurrak mila ekintzetara bidaltzen ditugu ingelesa, matematikak, karatea,... ikas dezaten baina ez gara konturatzen haurraren garapenean badirela beste mila gauza eta modu landu beharrekoak. Azken finean haurra garatu dadin ezinbestekoa da umearen ongizatea.

Horregatik jarraian jolasaren garrantziaren hainbat artikulu eskeintzen dizkizut, ingurukoengan eragina izango duten esperantzaz.

- Garaiak aldatzen direlako

2007-05-14

*HEZITZAILEAREN JARREREN SISTEMA*

Psikomotrizitate-gela aparta da komunikaziorako, umeak aukera baitauka txoko horretan baztertuta sentitu barik agertzeko. Azken finean, esan nahi duena eta esateko premia duena askatasun osoz esan ahal izateko jaio da gela hori; bere heltze-prozesua geldiarazten duena, bere beldurrak eta bere arazoak kanporatzeko leku aproposa izan nahi du gela horrek.

Umeak zein nagusiak aldatu ahal izateko, eurak zer diren hartu behar da kontuan, eta eurek euren burua onartzetik etorriko da aldaketa. Identitaterik ez badago, eta identitate hori onartzen ez bada, ez da lortuko bilakaerarik. Hala ere, horretarako identitatea erabakitzeko ahalmena behar da, eta hori lortzeko, taldeak indarra galdu behar du ume bakoitzak esan behar
ra daukana agertzeko. Egoera horretara heltzeko, denontzako arau orokorrak ipini behar dira, eta jarduera naturalak eta berezkoak garatuko diren gunean jarriko ditugu umeak. Kezkagarria da edo izan daiteke, are gehiago jakinda hor agertzen dena umearen sakoneko bizipenekin lotuta dagoela. Izan ere, umea, babes barik sentitzen da bere estereotipo kulturaletik kanpo egonez gero, eta zeregin arrazionalik ezean; babes barik sentitzen da bere emozioen aurrean, objetuekin, espazioarekin eta besteekin daukan harremana bereganatu beharrean aurkitzen da umea.
Ez zuzentzeak ez du esan nahi edozer gauza egiten utzi behar zaienik. Ez zuzentzea bideratzeko beste modu bat baino ez da. Ez zuzentzeak esan nahi du bestearen nahia hartzen dela oinarritzat.

Horretarako ezinbestekoa da hezitzaileak ondorengo jarrerak izatea:
1.- Hezitzaile heldu eta permisiboa, prest dagoena, entzuteko ahalmena duena.
Derrigorrean behar da umearen adierazpenak antolatu, bildu eta zentzuz atonduko dituen heldua. Ezinbestekoa da solaskide ona, umearen emoziozko harmonien jabe egingo dena. Buru eta adimen aldetik prest eta irekita egotea ezinbestekoa da, baina, horrez gain, libre egon behar da afektibitate eta gorputz aldetik. Eta prestatsun hori ondorengoetan islatu behar da: tonizitatean, ahotsean, begiradan, imitazioetan eta hitzetan. Enpatiaz gerturatu behar da haurrarengana. Baina zer ote da enpatia? Besteak diren bezala onartzeko ahalmena, azken finean, norberaren kolkotik irten eta bestearengana urreratzeko modu bat. Nolanahi ere, garbi utzi behar da enpatia bestearengandik gertu egotea esan nahi duela, eta bestearen barrenetan galtzea.

2.- Akzioa-interakzioa.
Sentipenak, tonua eta ametsezko bizitza bat egitea nahi du umeak. Eta hori akzioan aurkitzen du. Umearen akzioaren aurrean hezitzailea "harritu egiten da", hunkitu egiten da, umezaroa galdu barik daukala erakusten du. Ulertzen saiatzen da. Kontzeptu eta teoria aldetik bereganatu duena bihotzaren bidez bereganatutakoarekin uztartzen du. Bitartekoak sortzen dira, esate baterako, sena, zirrara, enpatia eta jakintza. Horretara, interakzioa sortzen da: dialektika akzioan. Eta horren ondorioa elkarrekiko transformazioa da: "nik lagundu egiten dizut bilakaera egokia izatean, ulertu egiten zaitut eta onartu, eta zuk laguntzen didazu eboluzionatzen eta aldatzen".
3.- Lagun sinbolikoa.
Gure esku-hartzeko moduarekin bat etorriz, hezitzaileak ez du jolas egin behar umearekin. Ez da umearekin jostatzen, umearekin jostatzeak eman diezaiokeen plazerra bilatzeko, hezitzailea bera ere ume balitz moduan, hau da, hezitzaileak noizean behin parte hartzen du, bide bat errazteko, beina ez rol jakin batean ( otso, aita,... ) sartzeko. Hezitzaileak badauka pertsonaia baten lekuan ipintzerik, baina beti ere, konfidantza larregi eman gabe, galdetu egin behar du zergatik egin zaion eskaria. Horrela umeak aukera dauka pertsona heldu bati bere bizitza afektiboaren gainean hitz egiteko, bere ardurak, beldurrak edo esturak kontatzeko. Halaber, barruak hustuz gero, umeak gainetik ken ditzake kezkak, kezkatan murgilduta geratu barik. Hori guztia bere bizipen sinbolikoen bidez lortzen du.
Hala ere, esan beharra dago hezkuntza arloan denboraldi labur-laburra ematen duela hezitzaileak umearekin, saioko partaide guztiei eta saioaren martxari berari eskaini behar dielako arreta, eta han zer gertatzen den adi egon behar delako.
4.- Inguruaren egonkortasuna eta malgutasuna.
Umeak objetuaren ezaugarriak bilatzen ditu. Pentsamenduarekin aurreratu egiten ditu gero aurkitzea espero dituen ezaugarriak. Objetuek ezaugarri jakin batzuk dituztelakoan dago umea, ezaugarri horiek dauzkaten objetuekin akzioa egin gura duelako, eta, burutu ondoren, akzioak ematen duen plazerraz gozatu. Ezaugarri horiek aurkitu ezean, igarri egiten dio. Aldea oso handia bada, errealitatearen zentzua gal dezake. Zelan aurreikusi arrisku hori? Zer egin behar du horrelakoetan hezitzaileak?
- Ez du antsietate pedagogikorik izan behar
- Ez hasi bere gaitasun logikotik eta bere heltze prozesu afektibotik ezin ulertu daitezkeen azalpenak ematen
- Ez eskaini objeturik bereizi barik.
Horrela jokatu ezean, aldez aurretiko eskema asaldatu edo aztoratu egingo litzateke, eta umeak ahul ikusiko luke bere burua bai afektiboki, bai indar aldetik ere.
Dena dela, arrazoiketa hori ez da eragozpena izan behar ingurua malgua dela onartzeko; hau da, umeak eraldatzeko premia daukanez, aldeko giroa izan behar du aldaketak lortzeko, eboluzionatzeko, sortzeko,.... beti ere, itxuraldaketa hori gehiegizkoa ez bada. Laburbilduz, gelan egonkortasuna lortu behar da umeak ez ditzan galdu segurtasuna ematen dioten desberdintasunak; era berean, malgutasuna lortu behar da segurtasunean hazi eta aurrera egin dezan.
5.- Heldua legearen eta segurtasunaren ezaugarri.
Gela horretan umeak askatasunez adieraziko du adierazi beharrekoa. Beraz, inork epaitu, zigortu eta ulertuko ez duen beldur barik adierazteko giroa behar du umeak esan beharrekoak esateko. Apurka-apurka bere izaera agertuko du, den bezala, eta, horretara, heldu-hezitzaileak ezagutu egingo du, ulertu egingo du eta segurtasuna emango dioten erantzunak eman ahal izango dizkio.
Beraz, psikomotrizistak ordezkatzen duen legea ez da ez bidegabea, ezta zurruna ere: autoritatea islatzen du, baina ez autoritarismoa. Gelan umeak bete beharrezko oinarrizko arauak egongo dira ezarrita, esate baterako:
- Ezin zaie minik egin besteei
- Ezin da materialik apurtu
-....

2007-05-11

*PEDAGOGIA-METODOLOGIA*


Zuzendu gabeko pedagogian kokatu behar dugu geure burua. Sena, emozioa, enpatia eta ezaguera erabili ditzakegu, besteak beste. Era berean, badaukagu aukera umeei entzuteko, umeen adierazpenei adi-adi egoteko, umeen lorpen eta produkzioen aurrean sentibera agertzeko; badaukagu aukera iradokizunak egiteko, bideratzeko, laguntzeko edota orientatzeko, baina sekula ez zuzentzeko. Estrategia jakin batzuk landuko ditugu prozesu aktibo baten barruan umea bere esperientziaz jabetu dadin.
Horretarako, gailu bat ipini behar dugu umea erabat heltzeko jarraitu behar den ibilbidea erraztu edo ahalbidetzen duena ( heltze motriza, afektiboa eta kognitiboa ).
Gailu edo tresna hori bat etorri behar da umeen adinarekin eta langai dugun taldearen bilakaerarekin. Funtsean, horrela hurbildu genezake tresna hori.
Aretoan hiru gune daude aurretik prestatuta:
1) Plazer sentso-motorearen gunea.
2) Jolas sinbolikoen gunea
3) Errepresentazio gunea
Umearen bilakaera kontutan hartuta prestatu dira gune horiek. Bilakaera hori aro desberdinez osatuta dago, eta, lehen aipatutakoa gogora ekarriz, bilakaera horren hasieran era gustietako jolas, mugimendu, eta gorputz-ekintzak agertzen dira; apurka-apurka eta era mailakatu batean mugimenduak geratu egingo dira, eta geldirik egonda egin daitezkeen ekintzek hartzen dute lekua bere bizitzan: gauzak eraiki eta moldeatzen ditu, margotu egiten du, ipuinak eta istorioak entzuten ditu,....azken batean pentsatu eta hausnartu egiten du geldi dagoela.

2007-05-10

*PSIKOMOTRIZITATEAREN HELBURUAK*

Jarraian aurkezten dizkizudan helburuak Miguel Angel Dominguez Sevillanok duela bi urte emandako apuntietatik ateratakoak dira.

1) KOMUNIKATZEKO PLAZERRA, FUNTZIO SINBOLIKOA GARATZEA:

Atseginez eman eta jasotzea da komunikatzea. Biziko begara, ezinbestekoa dugu komunikazioa. Funtzio sinbolikoa garatzea dakar komunikazioak, eta, gainera, kanpoko mundura sartzeko ateak zabaltzen dizkio umeari.
Umea saltoka, bueltaka, inoren atzetik, eraikitzen, apurtzen,... horretan diharduenean, eta egiten ari dena lagunekin partekatzen duenean, sentimentu sakonak trukatzen ditu lagunekin, lagunen ekimenetan hartzen du parte, besteen ikuspuntuak, proiektuak eta gurariak errespetatzen ditu. Horrela pixkanaka bere mundutik irtetzen ikasiko du, eman eta hartzen ikasteko.
Ibilbide lasaia hartzen badugu, umeak ekintzen bidez adieraziko ditu bere emozioak. Horretarako, lehentasuna eman behar diogu gorputzaren komunikazioaren atalari; umearen premiak azaleraztea, eta ahal den neurrian, premia horiei irtenbidea ematea lortuko dugu horrekin. Umea benetan zer den eta zer adierazi nahi digun gorputzean islatzen da, beraz.
Baina ez dago "ahozkoa ez den horretan" betiko mugitzerik. Pixkanaka, keinuak eta hitzak gurutzatzen joango gara, umea prest egon dadin etorkizunean bere sormenezko eta kontzeptuzko ahalbideak erabiltzeko. Edozein modutan ere, jarduera operatibora jauzi egin orduko behar den deszentrazioaren ataritzat jo dezakegu komunikazioa.

2) JARDUERA OPERATIBOAREN PLAZERRA:
Aro luze batean emozioek hartzen dute umearen bizimodua: errealitatea aldatu, moldatu eta zehazten du bere nahierara, nahi duena egiten du bere premia afektibo oinarrizkoenak eta beharrezkoenak asetzeko. Aldi horretan umea ulertzen saiatu behar gara, emozioz beterik dagoelako, eta emozio horiek apurka-apurka arindu eta xahutu behar dituelako. Prozesu horretan dagoela ulertuko du mundua beste era batera, eta orduan ohartuko da munduak harreman berriak egiteko aukera eskaintzen diola, analisia eta gaitasun logikoa erabiliz gero.

3) SEGURTASUNERA BUELTATZEKO PROZESUAK AHALBIDETZEA:
Haurrak zenbait ondoez izaten ditu haurtzaroan zehar, guk geuk ere bizitakoak. Jolasak eskaintzen dion ongizatearen bidez haurrak ondoez horiek gainditzeko gaitasuna dauka. Zentzu honetan, psikomotrizitateak funtzio prebentiboa betetzen du, haurrari garapen psikologikoan laguntzen dio eta. Ez da gehiegikeria, ume guztiek arazoak dituztela esatea; arazo horiek gabe ez legoke hazkuntzarik eta. Gomendagarria da inguru, denbora,... aproposak eratzea, haurrak oztopoak landu eta gainditu ditzan.

4) SORTZEKO PLAZERRA:
Umeak, zer edo zer egitera doanean, kanpoko mundua aldatzeko asmoa izaten du. Hasieran interes hori zakar samar agertzen da, oldakorra batzuetan, leunago besteetan,... Guk adierazpide horiek guztiak izen bakar batekin izendatuko ditugu: bultzada edo indar eragilea. Hezkuntzaren bidez, indar eragile hori leuntzen eta bideratzen, umeak bere akintzen erantzunkizuna har dezan bere gain, indarra menderatzeak ematen duen plazerraz goza dezan, eta esperientzia hori biziz eta sortuz kanpoko mundua alda dezan. Prozesu horri esker, ongizatea lortzen da, eta gainera, prozesu horrek erakusten du gozamena lortzen dela gauzak emanda eta partekatuta. Zentrutik urruntzen laguntzen diogu horrela, eta hori ezinbestekoa da umearen pentsamendua garatzeko.

Aipatutako 4 helburu nagusi horiek dira psikomotrizitateak lantzen eta bilatzen dituenak. Baina egia izan bada, hezitzaile eta zentruaren arabera, modu ez berdinean bilatzen direla.

2007-05-09

*BERNARD AUCOUTURIERREN GARRANTZIA*

Praktika psikomotrizitatearen aita da Bernard Aucouturier frantsesa. Euskal Herrian jarraitzaile asko ditu, Bergarako UNEDeko Psikomotrizitate Eskolaren inguruan mugitzen direnak, batik bat. Eskola horrek behin baino gehiagotan ekarri izan du Euskal Herrira, eta 2003an ere Gasteizen azaroaren hasieran ospatu ziren jardunaldietan aritu zen.Txikitatik giro pedagogiko irekian hezia izan zen. Aita irakaslea zuen eta antzerkia asko gustatzen zitzaion. Freineten laguna zen, eta haren pedagogia jarraitzen zuen. Ama, berriz, ezkerreko militantea zen, gai sozialekin oso konprometitua zegoena eta politikan murgildua zebilena. Giro horretan, gurasoek inoiz ez zuten behartu eskolara joatea, eta nahi zuenean joaten zen.Haur eskoletan asko ibilia da eta urte askotako eskarmentua du. Arlo teorikoan zein praktikoan jarduna da.
Jarraian
Hik Hasi aldizkarian argitaratutako elkarrizketa irakur dezakezu.
Jarraian
Bernard Aucouturier-ren hainbat lan eta liburuen inguruko informazioa eskaintzen dizut:
-
Los fantasmas de la acción y la práctica psicomotriz.
- Miedo a nada...miedo a todo...
- ¿Por qué los niños y las niñas se mueven tanto?
-
La práctica psicomotriz: reeducación y terapia.

2007-05-07

*IKUSPUNTU BERRIA*



Historikoki eta zientifikoki banan-banan aztertu diren arloetan ( afektibitatea, motrizitatea eta kognizioa ) esku-hartzeko eredu bat proposatzeak berekin dakar metodologia baten premia, hau da, ohiko dualismoa gainditu eta hiru arlo horiek elkarren artean lotuko dituen metodologia bat. Horrela, eta ez bestela, errespetatzen dira gizakiaren lehenengo urteetako heltze-prozesuaren ezaugarriak.

Hipotesi horiek oinarri hartuta, irakaskuntzan bertan nahi da ezarri zenbait estrategia, gizakiaren garapenean oso garrantzitsua den alderdi bati aurre egiten laguntzeko umeei. Eta zein da alderdi edo aro hori? Haurtzaroan umearen nortasuna egoki eta harmonian integratzea.

Umeen garapen egokia bultzatzen badugu, aukera emango diegu ume horiei etorkizunean pertsona apartak izateko, baldintzarik onenak eskainiko dizkiegu komunikatzeko, adierazteko, sortzeko eta pentsatzeko.

Zelan bultza dezakegu umearen garapen egokia? Psikomotrizitatea eragin-eremu bat izan daiteke. Psikomotrizitateaz dihardugunean, pertsonaren egoera bati buruz dihardugu, somaren eta psikearen lotura estuaz, hain zuzen ere. Eta hauxe da seguruenik garapen psikomotrizitatearen alderdi berriena; osotasunaren onartze eta lantzea.

2007-05-02

*OSOTASUN EDO GLOBALITATEAREN KONTZEPTUA*

Psikomotrizitateaz dihardugunean, pertsonaren egoera bati buruz dihardugu, somaren eta psikearen arteko lotura estuaz, azken batean. Lotura psikosomatiko hori 7/8 urte arteko umeengan agertzen da bete-betean; OSOTASUNAREN (globalitatearen) aldia da egoera hori, motrizitateaaren, afektibitatearen eta kognizioaren arteko lotura haustezinaren aroa. Adin horrekin, umeak neurririk gabe esan eta adierazten du esan eta adierazi beharrekoa, neurririk gabe jabetzen da horretaz edo hartaz, eta espazioarekin, objetuekin eta pertsonekin daukan harremanean agertzen zaizkion elementu guztiak izandatzen ditu. Gaur egun, guztiok onartzen dugu umeak kanpoko munduarekin dauzkan harremanetan sekulako eragina duela bere barneko historia afektiboak.
Kanpoko munduarekin harremanak ezartzeko umeak duen modu original horri, motrizitate espresibitatea deituko deituko diogu, barruan presioa egiten daukana kanpora atera behar duelako hainbat bide erabiliz: bide motriza, ahotsaz, begiradaz,...
Psikomotrizitatearekin lagundu egiten zaio umeari motrizitate-espresibitatea kanporatzen, azken finean, ekintzaren plazerretik, pentsatzeko plazerrera doan ibilbidea egiten lagunduko diogu.
Umearen garapenari begiratzen badiogu, 7/8 urterekin aldaketa bat somatuko diogu: barruko presioaren kanporatzea. Lengoaiari esker, umeak gaitasuna du momentuan bizi duenetik urruntzeko. Lehen momentua bizitzen baino ez zekien. Adin horretan gutxigora-behera aro globalaren nolabaiteko apurketa ematen da eta haurraren motrizitate-espresibitatea gutxiagotu egiten delarik.