Historikoki eta zientifikoki banan-banan aztertu diren arloetan ( afektibitatea, motrizitatea eta kognizioa ) esku-hartzeko eredu bat proposatzeak berekin dakar metodologia baten premia, hau da, ohiko dualismoa gainditu eta hiru arlo horiek elkarren artean lotuko dituen metodologia bat. Horrela, eta ez bestela, errespetatzen dira gizakiaren lehenengo urteetako heltze-prozesuaren ezaugarriak.
Hipotesi horiek oinarri hartuta, irakaskuntzan bertan nahi da ezarri zenbait estrategia, gizakiaren garapenean oso garrantzitsua den alderdi bati aurre egiten laguntzeko umeei. Eta zein da alderdi edo aro hori? Haurtzaroan umearen nortasuna egoki eta harmonian integratzea.Umeen garapen egokia bultzatzen badugu, aukera emango diegu ume horiei etorkizunean pertsona apartak izateko, baldintzarik onenak eskainiko dizkiegu komunikatzeko, adierazteko, sortzeko eta pentsatzeko.Zelan bultza dezakegu umearen garapen egokia? Psikomotrizitatea eragin-eremu bat izan daiteke. Psikomotrizitateaz dihardugunean, pertsonaren egoera bati buruz dihardugu, somaren eta psikearen lotura estuaz, hain zuzen ere. Eta hauxe da seguruenik garapen psikomotrizitatearen alderdi berriena; osotasunaren onartze eta lantzea.