2007-05-23

*BIHOTZ ALAI BATEN ALDE*


Orain arte idatzitako postetan, psikomotrizitatearen nondik-norakoen, sortzaileen,...-en berri eman dizut, baina oraingo honetan zuri zuzentzen natzaizu, bai psikomotrizitatearen eta baita beste terapia filosofia batzuen lorpenen berri emateko. Terapiei buruz hitz egiterako orduan arazoen kontzeptua datorkigu burura laister asko, baina gaur egun bizi dugun aldaketen garaian, ez da beharrezkoa arazorik izatea terapiek sortzen duten ongizateaz gozatzeko.

Dagoeneko gure barneko presioak kanporatzeko ez dugu medikuarengana joan behar; bizkarreko tentsioak masaje goxo batez aldendu ditzakegu, sabelean ezarritako tentsioak barre terapiaren bidez kanporatu ditzakegu, pilatutako nerbioak yogaren bidez neutralizatu ditzakegu,...

Baina egia esan, terapia eta disziplina multzo horiek guztiak sortu badira, gizarteak beharrezoak dituelako izan da.

Jarraian psikomotrizitatearen ( beste disziplina batzuekiko aipamenak ere badaude ) alde terapeutikoari buruzko zenbait artikulu aukezten dizkizut. Espero dut interesgarriak suertatzea eta beharbada erabilgarriak ere.

- Psikomotrizitatea terapia bezala ulertuta




- Berreziketa psikomotriza

2007-05-21

*HAUR LITERATURA: IRUDIKAPENEN MUNDUA*

Hezkuntza munduan betidanik garrantzi handia eman zaio ipuin kontaketari. Ziur naiz zuri ere txikitan norbaitek ipuinak kontatu dizkizula. Gogoratzen al duzu zeintzuk ziren kontaketak sortzen zizkizun sentipen eta burutapenak?

Post hau idazten hasi aurretik azalpen teorikoa ematea pentsatzen nuen, baina egia esan, artikulu interesgarri bat aurkitu dut. Irakaslea izanik idazle ere bilakatu den emakume batek idatzitako artikulua da. Bertan ez ditu azalpen teorikorik ematen, baina ipuinen garrantziaz ari da, ez agian teorikoki, baizik eta sentimenduen haritik... Artikulua irakurtzen egon naizen bitartean ume aldira bueltatu naiz eta heldu baten garapenarekin baina haur baten sentimenduekin bizi eta gozatu dut irakurketa. Zure gustokoa izatea espero dut.

- Kontatu, irudikatu eta mundu berriak sortu


2007-05-18

*ATXIKIMENDUA*



Aurreko blogean, psikomotrizitate saioaren nondik norakoaz aritu naiz. Bertan agertzen diren hainbat kontzeptu dagoeneko ezgunak izango zaizkizu baina bada kontzeptu berri bat; Atxikimendua. Egia esan, geroz eta garrantzi handiagoa hartzen doa hezkuntza munduan baina hala ere, nahiko kontzeptu ezezaguna da oraindik. Atxikimendua haurraren eta "amaren" artean ematen den lotura afektibo bezala defini dezakegu. Ziur naiz edonork emango diola garrantzia haur eta helduaren arteko loturari, baina ez daukat bat ere argi zenbaterainoko garrantzia eta eragina ematen zaion. Horregatik bada atxikimenduaren inguruko hainbat azalpen ematea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin hurrengo bideoa ikustea gomendatzen dizut.

- Atxikimenduaren garapena

Bideoetan argi geratzen zaigu heldu-haurraren arteko loturaren garrantzia eta baita loturaren sorrera. Baina zer eragin du lotura horrek psikomotrizitatean edo hezkuntzan?

Hauxe izan daiteke pertsona askori sortzen zaien galdera. Egia esan eragina uste baino garrantzitsuagoa da. Aurten praktiketan egon naiz eta zentruarekin hitz egin ondoren harrera prozesuan parte hartu ahal izan dut. Hau karreraren azken urtea izanik, oraindik harrera prozesuari buruzko informazio eza somatzen nuen eta ondorioz prozesu honen errealitatea ikusi eta sentitu nahi izan nuen. Guraso asko gela kanpoan eserita zeudela horrelako esaldiak esaten entzuten nituen: ez dakit zertarako egon behar dugun hemen kanpoan zain, zer uste dute zer egin ez dugula?

Gutako edozein leku berri batera iristen denean edo joan behar denean urduri xamar egon ohi gara (ni behintzat), eta gu helduak gara. Pentsa orduan zer suposatzen duen haurrarentzat ikastolan hasteak; leku berria, kide berriak, andereño ezezaguna,... eta haurrak oraindik ama gero bueltatuko dela ulertzen ez duelarik,...

Praktiketak0 aldiari erreparatuz, zeharo harritzen ninduten haurren jokabide ezberdinek; haur batzuk helduak bila etortzean korriketan joaten ziren, beste batzuk aldiz, ez zioten jaramonik egiten helduari, eta beste batzuk haserretu egiten ziren...

Dagoeneko bi urte dira psikologia irakasgaian atxikimendua landu genuela eta urte bete igaro da Bergaran "La aportación de los vínculos afectivos" ikastaroa egin nuenetik, baina egia esan aurretik teorian ikasitakoa praktikan ikusi ahal izan nuen. Bideoetan ikusi ahal izan duzunez, atxikimendua heldu eta haurraren arteko lotura afektiboari deritzo, baina argi dago lotura hori ez dela berdina kasu guztietan. Goazen bada Atxikimendu mota desberdinak ezagutzera.

Beraz hezitzaileok haurra ulertu nahi badugu, ezinbestekoa izango zaigu bere jarrerak, portaerak, begirada,... hausnartzea. Psikomotrizitate gela ahalbide ezin hobea izango da gure hausnarketa horiek egiteko, bertan haurra, segurtasunean barneraturik dagoela, bere izatea kanporatuko du eta.

Atxikimenduaren garrantzia eta presentzia haur hezkuntzan nagusitan baino argiagoa eta estuagoa bada ere, bizitza osoan zehar mantentzen den lotura da. Gainera denborak aurrera egin ahala txikitan izandako atxikimendu motak eragin handia izango du umearen erlazio sozialetan.

2007-05-16

*PSIKOMOTRIZITATE SAIOA*



Saioa 3 une eta bi gunetan banatzen da:


0.- SARRERA:

Haurrei ongietorria ematen zaie banan-bana, beraiekin hizketaldiren bat mantentzen da. Ondoren aurretik zehaztutako arauak gogoratzen zaizkie: ezin da minik eman, ezin da materiala apurtu,... Posible da aurreko saiotako oroitzapenak gogoratzea, edota haurrek esan behar dutena entzutea.

1.- LEHENENGO UNEA: ESPRESIBITATE MOTRIZAREN ALDIA:

Hasieran, umearen bizipenak ez dira erabat sentso-motoreak. Jaioberrietan, umetxo bat dela, jolas egiteko duen modua toniko-emozionaltzat jo daiteke, jolas globala, ñabardura desberdinekin bizi duen jolasa. Hitz egiten hasi aurretiko jolasak dira: oratu, lotu, zabaldu-itxi, bete-hustu, sartu-irten, agertu-ezkutatu,... objetuen antolamendu logikoaren hastapenak.
Pixkanaka kanpoko mundua bereganatzen eta menderatzen hasiko da, eta orduan agertuko zaio plazer sentso-motorea. Baldintza material egokiak baditu, hau da, askatasuna badauka, beste hauek egitera joko du: salto, korrika, birak, jauziak, orekak, eskaladak,... Umearen nortasunaren BATASUNA, uztartu egiten direlako gorputzaren sentsazioak eta egoera toniko-emozionalak, eta aukera ematen duelako GLOBALTASUNA ezartzeko.
"Balitz bezala" (Piaget) jolastea ere agertzen da; "ni"-a asetzearen funtzioa dauka. Haurrak bere nahien arabera eraldatzen du errealitatea, bere atsegin eta gatazkak berpizten ditu, hauxek gaindituz eta errealitatea fikzio bidez osatzen duelarik.
Jolasaren bidez, haurra uneoro menderatzen duen errealitatea menderatzen du. Normalean beldurra ematen dioten monstruak bere agindupean jartzen dira; bera bilakatzen da hartz, gerlari, aita,.... Maiz izugarrizko ahalmenak dituzten pertsonai bilakatzen dira, Superman bezala. Aipatutako ekintzez gain haurrek beste ekintza asko burutzen dituzte: besteak harrapatu edo harrapatua izan, txiribueltak eman, bultza egin, estali, eraikuntzak egin,....
Atxikimendua, bat -egitea, esplorazioa, abentura eta lorpena, horiek denak biltzen dituen prozesu dialektikoaren barne dago une horretan.


2.- BIGARREN UNEA: IPUINAREN ISTORIOAREN UNEA:

Ipuina, aldez aurretik prestatutako gunean kontatuko da, haurrak eserita entzungo dutelarik. Haurrak geldirik daudela, entzumenaren bidez eratuko dituzte irudiak.
Kontatuko den ipuinak lehenengo beldurra transmitituko du eta bigarren zatian heroia (haurrak pertsonai honekin identifikatu ohi dira) agertuko da, kontaketari amaiera ona emateaz arduratuko delarik.
Prozesu honekin, haurreri segurtasuna eskeini nahi zaie hizkuntzaren bidez. Miresturik entzun ohi duten haurrak deszentrazio garaian barneraturik egoten dira, garrazika, mozten,... aritzen diren umeak aldiz, ez dira oraindik garaio honetan barneraturik egoten. Baina kontuz ibili behar daipuina aukeratzerako orduan, haurrek beldurraren plazerra sentitu behar dutelako, ez ordea, gehiegizko beldur eta segurtasun falta.


3.- HIRUGARREN UNEA: ADIERAZPEN GRAFIKO ETA PLASTIKOAREN ALDIA:
Aldi hau erabat lotuta egongo da 2. aldiko espazioarekin. Gune honetan eraikuntzrako, margoketarako,.... materiala egongo da.
Gune honetan ere ekintza askea burutuko dute haurrek, beraien irudimenaren bidez adierazi nahi dutena kanporatuko dute. Haurra beraz, mugimendutik atentzio eta kontzentrazio gunera pasatuko da.
Bai eraikuntzan eta baita margoketan ere, haurren garapena nabarmentezen joango gara denborak aurrera egin ahala. Eraikuntzan, pieza berdinak batzea, ordena ezartzea, simetria,....azaltzen joango dira. Marrazketan berriz, gaia libre izatekeran, haurrak bere istorio afektiboa isladatuko du. Bertan ere garapena nabarituko dugu; poliki-poliki forma borobilak, puntuak,...agertzen joango dira.
Haurra piskanaka forma, tamaina, bolumen,...kontzeptuak barneratzen joango da.
*.- IRTEERA:

Azken une honetan haurrak biltzen dira eta "beharrezko errutina" batean barneratzen dira, saioa amaitu delaz ohartu daitezen. Aldi honetan umeek aukera dute saiaori buruz hitz egiteko edota eraikuntzan,...-en egin dutenaren berri emateko. Saioa amaitutzat emateko haurrak agurtzen dira.

2007-05-15

*JOLASAREN GARRANTZIA HAURTZAROAN*

Dagoeneko konturatuko zinen psikomotrizitateak jolasari eskeintzen dion garrantzia ez dela nolanahikoa. Baina egia esan, gaur egun bizi dugun garaian jolasak ez du merezi duen lekua eta denbora hartzen. Egia izan bada denborak aldatuz doalaz, eta beraiekin batera gizartea, noski. Kalera irten eta denbora tarte baten inguruan gertatzen denari erreparatzen badiogu, azkar asko konturatuko gara jendea lasterketa amaigabean bizi dela. Guztiok bizi gara antzitziketan, lanera joan, gimnasiora, errekauak egitera,... STOP!!


Zer ari da gertatzen gure inguruan? Dagoeneko ez daukagu aisialdiaz gozatzeko denborarik... Guzti honek argi dago, haurrengan egundoko eragina dauka eta hau esaten dudanean badakit zertaz hitz egiten dudan.

Dagoeneko pare bat urte dira haurrekin aisialdi denboran lanean hasi nintzenetik. Printzipioz aisialdi denbora hori haurren gozamenerako, elkarrekin erlazionatzeko, hizkuntza lantzeko,... prestatzen da, baina errealitatea bestelakoa da. Guraso askok gugana bidaltzen dituzte haurrak tarte horretan lanean edo egon behar dutelako. Niretzat hain garrantzitsua den denbora tarte hori gehiengoarentzat denbora-pasa hutsa baino ez da eta egia esan horrek amorru handia ematen dit. Haurrekin igarotzen dudan denbora jolasten ematen dugu. Hauxe da gehienek pentsatuko dutena, baina egia esan, jolasean ematen dugu denbora horretan haurrek izugarrizko lorpenak egiten dituzte: arauak jartzen eta errespetatzen ikasten dute, ingurukoei laguntza eskeintzen diete, galtzen eta irabazten ikasten dute, erlazionatu egiten dira, beraien mugak gainditzen dituzte,... Taldeetan izan ditudan haur batzuk galtzeak edo egin nahi zutena ezin egiteak sortzen zien frustrazioa gainditzen ikasi dute. Kideek esanbeharrekoa entzuten eta interesa jartzen ikasi dute,... Egia esan ni bezalako begirale apal batentzat jolasa hain garrantzitsua izanik, ezin dut ulertu jende argiak ematen dion garrantzi eskasa. Haurrak mila ekintzetara bidaltzen ditugu ingelesa, matematikak, karatea,... ikas dezaten baina ez gara konturatzen haurraren garapenean badirela beste mila gauza eta modu landu beharrekoak. Azken finean haurra garatu dadin ezinbestekoa da umearen ongizatea.

Horregatik jarraian jolasaren garrantziaren hainbat artikulu eskeintzen dizkizut, ingurukoengan eragina izango duten esperantzaz.

- Garaiak aldatzen direlako

2007-05-14

*HEZITZAILEAREN JARREREN SISTEMA*

Psikomotrizitate-gela aparta da komunikaziorako, umeak aukera baitauka txoko horretan baztertuta sentitu barik agertzeko. Azken finean, esan nahi duena eta esateko premia duena askatasun osoz esan ahal izateko jaio da gela hori; bere heltze-prozesua geldiarazten duena, bere beldurrak eta bere arazoak kanporatzeko leku aproposa izan nahi du gela horrek.

Umeak zein nagusiak aldatu ahal izateko, eurak zer diren hartu behar da kontuan, eta eurek euren burua onartzetik etorriko da aldaketa. Identitaterik ez badago, eta identitate hori onartzen ez bada, ez da lortuko bilakaerarik. Hala ere, horretarako identitatea erabakitzeko ahalmena behar da, eta hori lortzeko, taldeak indarra galdu behar du ume bakoitzak esan behar
ra daukana agertzeko. Egoera horretara heltzeko, denontzako arau orokorrak ipini behar dira, eta jarduera naturalak eta berezkoak garatuko diren gunean jarriko ditugu umeak. Kezkagarria da edo izan daiteke, are gehiago jakinda hor agertzen dena umearen sakoneko bizipenekin lotuta dagoela. Izan ere, umea, babes barik sentitzen da bere estereotipo kulturaletik kanpo egonez gero, eta zeregin arrazionalik ezean; babes barik sentitzen da bere emozioen aurrean, objetuekin, espazioarekin eta besteekin daukan harremana bereganatu beharrean aurkitzen da umea.
Ez zuzentzeak ez du esan nahi edozer gauza egiten utzi behar zaienik. Ez zuzentzea bideratzeko beste modu bat baino ez da. Ez zuzentzeak esan nahi du bestearen nahia hartzen dela oinarritzat.

Horretarako ezinbestekoa da hezitzaileak ondorengo jarrerak izatea:
1.- Hezitzaile heldu eta permisiboa, prest dagoena, entzuteko ahalmena duena.
Derrigorrean behar da umearen adierazpenak antolatu, bildu eta zentzuz atonduko dituen heldua. Ezinbestekoa da solaskide ona, umearen emoziozko harmonien jabe egingo dena. Buru eta adimen aldetik prest eta irekita egotea ezinbestekoa da, baina, horrez gain, libre egon behar da afektibitate eta gorputz aldetik. Eta prestatsun hori ondorengoetan islatu behar da: tonizitatean, ahotsean, begiradan, imitazioetan eta hitzetan. Enpatiaz gerturatu behar da haurrarengana. Baina zer ote da enpatia? Besteak diren bezala onartzeko ahalmena, azken finean, norberaren kolkotik irten eta bestearengana urreratzeko modu bat. Nolanahi ere, garbi utzi behar da enpatia bestearengandik gertu egotea esan nahi duela, eta bestearen barrenetan galtzea.

2.- Akzioa-interakzioa.
Sentipenak, tonua eta ametsezko bizitza bat egitea nahi du umeak. Eta hori akzioan aurkitzen du. Umearen akzioaren aurrean hezitzailea "harritu egiten da", hunkitu egiten da, umezaroa galdu barik daukala erakusten du. Ulertzen saiatzen da. Kontzeptu eta teoria aldetik bereganatu duena bihotzaren bidez bereganatutakoarekin uztartzen du. Bitartekoak sortzen dira, esate baterako, sena, zirrara, enpatia eta jakintza. Horretara, interakzioa sortzen da: dialektika akzioan. Eta horren ondorioa elkarrekiko transformazioa da: "nik lagundu egiten dizut bilakaera egokia izatean, ulertu egiten zaitut eta onartu, eta zuk laguntzen didazu eboluzionatzen eta aldatzen".
3.- Lagun sinbolikoa.
Gure esku-hartzeko moduarekin bat etorriz, hezitzaileak ez du jolas egin behar umearekin. Ez da umearekin jostatzen, umearekin jostatzeak eman diezaiokeen plazerra bilatzeko, hezitzailea bera ere ume balitz moduan, hau da, hezitzaileak noizean behin parte hartzen du, bide bat errazteko, beina ez rol jakin batean ( otso, aita,... ) sartzeko. Hezitzaileak badauka pertsonaia baten lekuan ipintzerik, baina beti ere, konfidantza larregi eman gabe, galdetu egin behar du zergatik egin zaion eskaria. Horrela umeak aukera dauka pertsona heldu bati bere bizitza afektiboaren gainean hitz egiteko, bere ardurak, beldurrak edo esturak kontatzeko. Halaber, barruak hustuz gero, umeak gainetik ken ditzake kezkak, kezkatan murgilduta geratu barik. Hori guztia bere bizipen sinbolikoen bidez lortzen du.
Hala ere, esan beharra dago hezkuntza arloan denboraldi labur-laburra ematen duela hezitzaileak umearekin, saioko partaide guztiei eta saioaren martxari berari eskaini behar dielako arreta, eta han zer gertatzen den adi egon behar delako.
4.- Inguruaren egonkortasuna eta malgutasuna.
Umeak objetuaren ezaugarriak bilatzen ditu. Pentsamenduarekin aurreratu egiten ditu gero aurkitzea espero dituen ezaugarriak. Objetuek ezaugarri jakin batzuk dituztelakoan dago umea, ezaugarri horiek dauzkaten objetuekin akzioa egin gura duelako, eta, burutu ondoren, akzioak ematen duen plazerraz gozatu. Ezaugarri horiek aurkitu ezean, igarri egiten dio. Aldea oso handia bada, errealitatearen zentzua gal dezake. Zelan aurreikusi arrisku hori? Zer egin behar du horrelakoetan hezitzaileak?
- Ez du antsietate pedagogikorik izan behar
- Ez hasi bere gaitasun logikotik eta bere heltze prozesu afektibotik ezin ulertu daitezkeen azalpenak ematen
- Ez eskaini objeturik bereizi barik.
Horrela jokatu ezean, aldez aurretiko eskema asaldatu edo aztoratu egingo litzateke, eta umeak ahul ikusiko luke bere burua bai afektiboki, bai indar aldetik ere.
Dena dela, arrazoiketa hori ez da eragozpena izan behar ingurua malgua dela onartzeko; hau da, umeak eraldatzeko premia daukanez, aldeko giroa izan behar du aldaketak lortzeko, eboluzionatzeko, sortzeko,.... beti ere, itxuraldaketa hori gehiegizkoa ez bada. Laburbilduz, gelan egonkortasuna lortu behar da umeak ez ditzan galdu segurtasuna ematen dioten desberdintasunak; era berean, malgutasuna lortu behar da segurtasunean hazi eta aurrera egin dezan.
5.- Heldua legearen eta segurtasunaren ezaugarri.
Gela horretan umeak askatasunez adieraziko du adierazi beharrekoa. Beraz, inork epaitu, zigortu eta ulertuko ez duen beldur barik adierazteko giroa behar du umeak esan beharrekoak esateko. Apurka-apurka bere izaera agertuko du, den bezala, eta, horretara, heldu-hezitzaileak ezagutu egingo du, ulertu egingo du eta segurtasuna emango dioten erantzunak eman ahal izango dizkio.
Beraz, psikomotrizistak ordezkatzen duen legea ez da ez bidegabea, ezta zurruna ere: autoritatea islatzen du, baina ez autoritarismoa. Gelan umeak bete beharrezko oinarrizko arauak egongo dira ezarrita, esate baterako:
- Ezin zaie minik egin besteei
- Ezin da materialik apurtu
-....

2007-05-11

*PEDAGOGIA-METODOLOGIA*


Zuzendu gabeko pedagogian kokatu behar dugu geure burua. Sena, emozioa, enpatia eta ezaguera erabili ditzakegu, besteak beste. Era berean, badaukagu aukera umeei entzuteko, umeen adierazpenei adi-adi egoteko, umeen lorpen eta produkzioen aurrean sentibera agertzeko; badaukagu aukera iradokizunak egiteko, bideratzeko, laguntzeko edota orientatzeko, baina sekula ez zuzentzeko. Estrategia jakin batzuk landuko ditugu prozesu aktibo baten barruan umea bere esperientziaz jabetu dadin.
Horretarako, gailu bat ipini behar dugu umea erabat heltzeko jarraitu behar den ibilbidea erraztu edo ahalbidetzen duena ( heltze motriza, afektiboa eta kognitiboa ).
Gailu edo tresna hori bat etorri behar da umeen adinarekin eta langai dugun taldearen bilakaerarekin. Funtsean, horrela hurbildu genezake tresna hori.
Aretoan hiru gune daude aurretik prestatuta:
1) Plazer sentso-motorearen gunea.
2) Jolas sinbolikoen gunea
3) Errepresentazio gunea
Umearen bilakaera kontutan hartuta prestatu dira gune horiek. Bilakaera hori aro desberdinez osatuta dago, eta, lehen aipatutakoa gogora ekarriz, bilakaera horren hasieran era gustietako jolas, mugimendu, eta gorputz-ekintzak agertzen dira; apurka-apurka eta era mailakatu batean mugimenduak geratu egingo dira, eta geldirik egonda egin daitezkeen ekintzek hartzen dute lekua bere bizitzan: gauzak eraiki eta moldeatzen ditu, margotu egiten du, ipuinak eta istorioak entzuten ditu,....azken batean pentsatu eta hausnartu egiten du geldi dagoela.

2007-05-10

*PSIKOMOTRIZITATEAREN HELBURUAK*

Jarraian aurkezten dizkizudan helburuak Miguel Angel Dominguez Sevillanok duela bi urte emandako apuntietatik ateratakoak dira.

1) KOMUNIKATZEKO PLAZERRA, FUNTZIO SINBOLIKOA GARATZEA:

Atseginez eman eta jasotzea da komunikatzea. Biziko begara, ezinbestekoa dugu komunikazioa. Funtzio sinbolikoa garatzea dakar komunikazioak, eta, gainera, kanpoko mundura sartzeko ateak zabaltzen dizkio umeari.
Umea saltoka, bueltaka, inoren atzetik, eraikitzen, apurtzen,... horretan diharduenean, eta egiten ari dena lagunekin partekatzen duenean, sentimentu sakonak trukatzen ditu lagunekin, lagunen ekimenetan hartzen du parte, besteen ikuspuntuak, proiektuak eta gurariak errespetatzen ditu. Horrela pixkanaka bere mundutik irtetzen ikasiko du, eman eta hartzen ikasteko.
Ibilbide lasaia hartzen badugu, umeak ekintzen bidez adieraziko ditu bere emozioak. Horretarako, lehentasuna eman behar diogu gorputzaren komunikazioaren atalari; umearen premiak azaleraztea, eta ahal den neurrian, premia horiei irtenbidea ematea lortuko dugu horrekin. Umea benetan zer den eta zer adierazi nahi digun gorputzean islatzen da, beraz.
Baina ez dago "ahozkoa ez den horretan" betiko mugitzerik. Pixkanaka, keinuak eta hitzak gurutzatzen joango gara, umea prest egon dadin etorkizunean bere sormenezko eta kontzeptuzko ahalbideak erabiltzeko. Edozein modutan ere, jarduera operatibora jauzi egin orduko behar den deszentrazioaren ataritzat jo dezakegu komunikazioa.

2) JARDUERA OPERATIBOAREN PLAZERRA:
Aro luze batean emozioek hartzen dute umearen bizimodua: errealitatea aldatu, moldatu eta zehazten du bere nahierara, nahi duena egiten du bere premia afektibo oinarrizkoenak eta beharrezkoenak asetzeko. Aldi horretan umea ulertzen saiatu behar gara, emozioz beterik dagoelako, eta emozio horiek apurka-apurka arindu eta xahutu behar dituelako. Prozesu horretan dagoela ulertuko du mundua beste era batera, eta orduan ohartuko da munduak harreman berriak egiteko aukera eskaintzen diola, analisia eta gaitasun logikoa erabiliz gero.

3) SEGURTASUNERA BUELTATZEKO PROZESUAK AHALBIDETZEA:
Haurrak zenbait ondoez izaten ditu haurtzaroan zehar, guk geuk ere bizitakoak. Jolasak eskaintzen dion ongizatearen bidez haurrak ondoez horiek gainditzeko gaitasuna dauka. Zentzu honetan, psikomotrizitateak funtzio prebentiboa betetzen du, haurrari garapen psikologikoan laguntzen dio eta. Ez da gehiegikeria, ume guztiek arazoak dituztela esatea; arazo horiek gabe ez legoke hazkuntzarik eta. Gomendagarria da inguru, denbora,... aproposak eratzea, haurrak oztopoak landu eta gainditu ditzan.

4) SORTZEKO PLAZERRA:
Umeak, zer edo zer egitera doanean, kanpoko mundua aldatzeko asmoa izaten du. Hasieran interes hori zakar samar agertzen da, oldakorra batzuetan, leunago besteetan,... Guk adierazpide horiek guztiak izen bakar batekin izendatuko ditugu: bultzada edo indar eragilea. Hezkuntzaren bidez, indar eragile hori leuntzen eta bideratzen, umeak bere akintzen erantzunkizuna har dezan bere gain, indarra menderatzeak ematen duen plazerraz goza dezan, eta esperientzia hori biziz eta sortuz kanpoko mundua alda dezan. Prozesu horri esker, ongizatea lortzen da, eta gainera, prozesu horrek erakusten du gozamena lortzen dela gauzak emanda eta partekatuta. Zentrutik urruntzen laguntzen diogu horrela, eta hori ezinbestekoa da umearen pentsamendua garatzeko.

Aipatutako 4 helburu nagusi horiek dira psikomotrizitateak lantzen eta bilatzen dituenak. Baina egia izan bada, hezitzaile eta zentruaren arabera, modu ez berdinean bilatzen direla.

2007-05-09

*BERNARD AUCOUTURIERREN GARRANTZIA*

Praktika psikomotrizitatearen aita da Bernard Aucouturier frantsesa. Euskal Herrian jarraitzaile asko ditu, Bergarako UNEDeko Psikomotrizitate Eskolaren inguruan mugitzen direnak, batik bat. Eskola horrek behin baino gehiagotan ekarri izan du Euskal Herrira, eta 2003an ere Gasteizen azaroaren hasieran ospatu ziren jardunaldietan aritu zen.Txikitatik giro pedagogiko irekian hezia izan zen. Aita irakaslea zuen eta antzerkia asko gustatzen zitzaion. Freineten laguna zen, eta haren pedagogia jarraitzen zuen. Ama, berriz, ezkerreko militantea zen, gai sozialekin oso konprometitua zegoena eta politikan murgildua zebilena. Giro horretan, gurasoek inoiz ez zuten behartu eskolara joatea, eta nahi zuenean joaten zen.Haur eskoletan asko ibilia da eta urte askotako eskarmentua du. Arlo teorikoan zein praktikoan jarduna da.
Jarraian
Hik Hasi aldizkarian argitaratutako elkarrizketa irakur dezakezu.
Jarraian
Bernard Aucouturier-ren hainbat lan eta liburuen inguruko informazioa eskaintzen dizut:
-
Los fantasmas de la acción y la práctica psicomotriz.
- Miedo a nada...miedo a todo...
- ¿Por qué los niños y las niñas se mueven tanto?
-
La práctica psicomotriz: reeducación y terapia.

2007-05-07

*IKUSPUNTU BERRIA*



Historikoki eta zientifikoki banan-banan aztertu diren arloetan ( afektibitatea, motrizitatea eta kognizioa ) esku-hartzeko eredu bat proposatzeak berekin dakar metodologia baten premia, hau da, ohiko dualismoa gainditu eta hiru arlo horiek elkarren artean lotuko dituen metodologia bat. Horrela, eta ez bestela, errespetatzen dira gizakiaren lehenengo urteetako heltze-prozesuaren ezaugarriak.

Hipotesi horiek oinarri hartuta, irakaskuntzan bertan nahi da ezarri zenbait estrategia, gizakiaren garapenean oso garrantzitsua den alderdi bati aurre egiten laguntzeko umeei. Eta zein da alderdi edo aro hori? Haurtzaroan umearen nortasuna egoki eta harmonian integratzea.

Umeen garapen egokia bultzatzen badugu, aukera emango diegu ume horiei etorkizunean pertsona apartak izateko, baldintzarik onenak eskainiko dizkiegu komunikatzeko, adierazteko, sortzeko eta pentsatzeko.

Zelan bultza dezakegu umearen garapen egokia? Psikomotrizitatea eragin-eremu bat izan daiteke. Psikomotrizitateaz dihardugunean, pertsonaren egoera bati buruz dihardugu, somaren eta psikearen lotura estuaz, hain zuzen ere. Eta hauxe da seguruenik garapen psikomotrizitatearen alderdi berriena; osotasunaren onartze eta lantzea.

2007-05-02

*OSOTASUN EDO GLOBALITATEAREN KONTZEPTUA*

Psikomotrizitateaz dihardugunean, pertsonaren egoera bati buruz dihardugu, somaren eta psikearen arteko lotura estuaz, azken batean. Lotura psikosomatiko hori 7/8 urte arteko umeengan agertzen da bete-betean; OSOTASUNAREN (globalitatearen) aldia da egoera hori, motrizitateaaren, afektibitatearen eta kognizioaren arteko lotura haustezinaren aroa. Adin horrekin, umeak neurririk gabe esan eta adierazten du esan eta adierazi beharrekoa, neurririk gabe jabetzen da horretaz edo hartaz, eta espazioarekin, objetuekin eta pertsonekin daukan harremanean agertzen zaizkion elementu guztiak izandatzen ditu. Gaur egun, guztiok onartzen dugu umeak kanpoko munduarekin dauzkan harremanetan sekulako eragina duela bere barneko historia afektiboak.
Kanpoko munduarekin harremanak ezartzeko umeak duen modu original horri, motrizitate espresibitatea deituko deituko diogu, barruan presioa egiten daukana kanpora atera behar duelako hainbat bide erabiliz: bide motriza, ahotsaz, begiradaz,...
Psikomotrizitatearekin lagundu egiten zaio umeari motrizitate-espresibitatea kanporatzen, azken finean, ekintzaren plazerretik, pentsatzeko plazerrera doan ibilbidea egiten lagunduko diogu.
Umearen garapenari begiratzen badiogu, 7/8 urterekin aldaketa bat somatuko diogu: barruko presioaren kanporatzea. Lengoaiari esker, umeak gaitasuna du momentuan bizi duenetik urruntzeko. Lehen momentua bizitzen baino ez zekien. Adin horretan gutxigora-behera aro globalaren nolabaiteko apurketa ematen da eta haurraren motrizitate-espresibitatea gutxiagotu egiten delarik.

2007-04-25

*HAURRAREN GARAPENA*

Psikomotrizitatea orokorrean haurrei zuzenduta aurkituko dugu. Aurretik esan bezala, psikomotrizitatearen printzipiorik nagusiena umearen osotasuna errespetatzea da, horregatik ezinbestekoa izango da lehenik eta behin haurraren garapenaren gutxiengo ezaugarri batzuk ezagutzea. Horretarako hurrengo loturetara jo besterik ez duzu.
- Haurren eboluzio aldiak edo etapak
- Piageten gutxiengo kontzeptu batzuk
Aurreko artikuluetan irakurri ahal izan duzunez, haurren garapena ez da ez txantxetako gauza. Beraz, ez da harritzekoa geroz eta garrantzi handiagoa ematea haurren garapen egokiari eta garapen hori geroz eta gehiago aztertua izatea. Jarraian eskeintzen dizuet Jean Piageten bizitzaren nondik norakoaren laburpentxo bat eta haurren garapena aztertu duten hainbat autore garrantzitsuek burututakoa:

- Jean Piaget
- Vigotsky
- Winnicott
- Freud
- Wallon

- Bruner




2007-04-18

*GAIAREN ZERGATIA ETA SARRERA*

Dagoeneko bi urte igaro dira karrera hasi eta Miguel Angel Dominguez-ekin topo egin nuenetik. Karreran zehar hainbat hautazko burutzea ezinbestekoa da eta Miguelen asignatura izenburuagatik hautatu banuen ere, geroztik hona asignatura haren garrantzia erabat areagotu da. Asignatura "El juego motor en la edad infantil" izenburupean aurki dezakegu.
Klaseko lehenengo egunetik Miguelen lan egiteko era besteak ez bezalakoa zela ikusi ahal izan genuen,... Argi utzi zigun berak ez zituela klase magistralak ematen, azken finean bere hautazkotik guk mamia ateratzea nahi zuen .
Izenburua ez dator bat hautazkoaren mamiarekin, baina badago zuzenean erlazionatuta psikomotrizitatearekin. Hautazkoa burutu nuenetik karrera amaitzea desiatzen nago, UNED Bergaran psikomotrizitatea ikasten hasteko. Beraz, Carlosek Blogean gai bati buruz hitz egin behar genuela esan zigun momentuan argi izan nuen nire gaia zein izango zen; psikomotrizitatea, noski.
Niretzat egia esan hau ez da gai berria baina agian zuretzat bai, beraz azalpen bi aurkezten dizkizut jarraian.
-PSIKOMOTRIZITATEA hitz gutxitan.
-PSIKOMOTRIZITATEAREN azalpen "argiagoa".

2007-03-07

Postak



Post batek, hiper-loturak izan behar ditu. Unibertsitatean bertan egin ditzakegu hiper-lotura horiek.
Orain argazkitxo bat ipiniko dut. Hona hemen: