2007-05-10

*PSIKOMOTRIZITATEAREN HELBURUAK*

Jarraian aurkezten dizkizudan helburuak Miguel Angel Dominguez Sevillanok duela bi urte emandako apuntietatik ateratakoak dira.

1) KOMUNIKATZEKO PLAZERRA, FUNTZIO SINBOLIKOA GARATZEA:

Atseginez eman eta jasotzea da komunikatzea. Biziko begara, ezinbestekoa dugu komunikazioa. Funtzio sinbolikoa garatzea dakar komunikazioak, eta, gainera, kanpoko mundura sartzeko ateak zabaltzen dizkio umeari.
Umea saltoka, bueltaka, inoren atzetik, eraikitzen, apurtzen,... horretan diharduenean, eta egiten ari dena lagunekin partekatzen duenean, sentimentu sakonak trukatzen ditu lagunekin, lagunen ekimenetan hartzen du parte, besteen ikuspuntuak, proiektuak eta gurariak errespetatzen ditu. Horrela pixkanaka bere mundutik irtetzen ikasiko du, eman eta hartzen ikasteko.
Ibilbide lasaia hartzen badugu, umeak ekintzen bidez adieraziko ditu bere emozioak. Horretarako, lehentasuna eman behar diogu gorputzaren komunikazioaren atalari; umearen premiak azaleraztea, eta ahal den neurrian, premia horiei irtenbidea ematea lortuko dugu horrekin. Umea benetan zer den eta zer adierazi nahi digun gorputzean islatzen da, beraz.
Baina ez dago "ahozkoa ez den horretan" betiko mugitzerik. Pixkanaka, keinuak eta hitzak gurutzatzen joango gara, umea prest egon dadin etorkizunean bere sormenezko eta kontzeptuzko ahalbideak erabiltzeko. Edozein modutan ere, jarduera operatibora jauzi egin orduko behar den deszentrazioaren ataritzat jo dezakegu komunikazioa.

2) JARDUERA OPERATIBOAREN PLAZERRA:
Aro luze batean emozioek hartzen dute umearen bizimodua: errealitatea aldatu, moldatu eta zehazten du bere nahierara, nahi duena egiten du bere premia afektibo oinarrizkoenak eta beharrezkoenak asetzeko. Aldi horretan umea ulertzen saiatu behar gara, emozioz beterik dagoelako, eta emozio horiek apurka-apurka arindu eta xahutu behar dituelako. Prozesu horretan dagoela ulertuko du mundua beste era batera, eta orduan ohartuko da munduak harreman berriak egiteko aukera eskaintzen diola, analisia eta gaitasun logikoa erabiliz gero.

3) SEGURTASUNERA BUELTATZEKO PROZESUAK AHALBIDETZEA:
Haurrak zenbait ondoez izaten ditu haurtzaroan zehar, guk geuk ere bizitakoak. Jolasak eskaintzen dion ongizatearen bidez haurrak ondoez horiek gainditzeko gaitasuna dauka. Zentzu honetan, psikomotrizitateak funtzio prebentiboa betetzen du, haurrari garapen psikologikoan laguntzen dio eta. Ez da gehiegikeria, ume guztiek arazoak dituztela esatea; arazo horiek gabe ez legoke hazkuntzarik eta. Gomendagarria da inguru, denbora,... aproposak eratzea, haurrak oztopoak landu eta gainditu ditzan.

4) SORTZEKO PLAZERRA:
Umeak, zer edo zer egitera doanean, kanpoko mundua aldatzeko asmoa izaten du. Hasieran interes hori zakar samar agertzen da, oldakorra batzuetan, leunago besteetan,... Guk adierazpide horiek guztiak izen bakar batekin izendatuko ditugu: bultzada edo indar eragilea. Hezkuntzaren bidez, indar eragile hori leuntzen eta bideratzen, umeak bere akintzen erantzunkizuna har dezan bere gain, indarra menderatzeak ematen duen plazerraz goza dezan, eta esperientzia hori biziz eta sortuz kanpoko mundua alda dezan. Prozesu horri esker, ongizatea lortzen da, eta gainera, prozesu horrek erakusten du gozamena lortzen dela gauzak emanda eta partekatuta. Zentrutik urruntzen laguntzen diogu horrela, eta hori ezinbestekoa da umearen pentsamendua garatzeko.

Aipatutako 4 helburu nagusi horiek dira psikomotrizitateak lantzen eta bilatzen dituenak. Baina egia izan bada, hezitzaile eta zentruaren arabera, modu ez berdinean bilatzen direla.

No hay comentarios: