Umeak zein nagusiak aldatu ahal izateko, eurak zer diren hartu behar da kontuan, eta eurek euren burua onartzetik etorriko da aldaketa. Identitaterik ez badago, eta identitate hori onartzen ez bada, ez da lortuko bilakaerarik. Hala ere, horretarako identitatea erabakitzeko ahalmena behar da, eta hori lortzeko, taldeak indarra galdu behar du ume bakoitzak esan beharra daukana agertzeko. Egoera horretara heltzeko, denontzako arau orokorrak ipini behar dira, eta jarduera naturalak eta berezkoak garatuko diren gunean jarriko ditugu umeak. Kezkagarria da edo izan daiteke, are gehiago jakinda hor agertzen dena umearen sakoneko bizipenekin lotuta dagoela. Izan ere, umea, babes barik sentitzen da bere estereotipo kulturaletik kanpo egonez gero, eta zeregin arrazionalik ezean; babes barik sentitzen da bere emozioen aurrean, objetuekin, espazioarekin eta besteekin daukan harremana bereganatu beharrean aurkitzen da umea.
Ez zuzentzeak ez du esan nahi edozer gauza egiten utzi behar zaienik. Ez zuzentzea bideratzeko beste modu bat baino ez da. Ez zuzentzeak esan nahi du bestearen nahia hartzen dela oinarritzat.
Horretarako ezinbestekoa da hezitzaileak ondorengo jarrerak izatea:
1.- Hezitzaile heldu eta permisiboa, prest dagoena, entzuteko ahalmena duena.
Derrigorrean behar da umearen adierazpenak antolatu, bildu eta zentzuz atonduko dituen heldua. Ezinbestekoa da solaskide ona, umearen emoziozko harmonien jabe egingo dena. Buru eta adimen aldetik prest eta irekita egotea ezinbestekoa da, baina, horrez gain, libre egon behar da afektibitate eta gorputz aldetik. Eta prestatsun hori ondorengoetan islatu behar da: tonizitatean, ahotsean, begiradan, imitazioetan eta hitzetan. Enpatiaz gerturatu behar da haurrarengana. Baina zer ote da enpatia? Besteak diren bezala onartzeko ahalmena, azken finean, norberaren kolkotik irten eta bestearengana urreratzeko modu bat. Nolanahi ere, garbi utzi behar da enpatia bestearengandik gertu egotea esan nahi duela, eta bestearen barrenetan galtzea.
2.- Akzioa-interakzioa.
Sentipenak, tonua eta ametsezko bizitza bat egitea nahi du umeak. Eta hori akzioan aurkitzen du. Umearen akzioaren aurrean hezitzailea "harritu egiten da", hunkitu egiten da, umezaroa galdu barik daukala erakusten du. Ulertzen saiatzen da. Kontzeptu eta teoria aldetik bereganatu duena bihotzaren bidez bereganatutakoarekin uztartzen du. Bitartekoak sortzen dira, esate baterako, sena, zirrara, enpatia eta jakintza. Horretara, interakzioa sortzen da: dialektika akzioan. Eta horren ondorioa elkarrekiko transformazioa da: "nik lagundu egiten dizut bilakaera egokia izatean, ulertu egiten zaitut eta onartu, eta zuk laguntzen didazu eboluzionatzen eta aldatzen".
3.- Lagun sinbolikoa.
Gure esku-hartzeko moduarekin bat etorriz, hezitzaileak ez du jolas egin behar umearekin. Ez da umearekin jostatzen, umearekin jostatzeak eman diezaiokeen plazerra bilatzeko, hezitzailea bera ere ume balitz moduan, hau da, hezitzaileak noizean behin parte hartzen du, bide bat errazteko, beina ez rol jakin batean ( otso, aita,... ) sartzeko. Hezitzaileak badauka pertsonaia baten lekuan ipintzerik, baina beti ere, konfidantza larregi eman gabe, galdetu egin behar du zergatik egin zaion eskaria. Horrela umeak aukera dauka pertsona heldu bati bere bizitza afektiboaren gainean hitz egiteko, bere ardurak, beldurrak edo esturak kontatzeko. Halaber, barruak hustuz gero, umeak gainetik ken ditzake kezkak, kezkatan murgilduta geratu barik. Hori guztia bere bizipen sinbolikoen bidez lortzen du.
Hala ere, esan beharra dago hezkuntza arloan denboraldi labur-laburra ematen duela hezitzaileak umearekin, saioko partaide guztiei eta saioaren martxari berari eskaini behar dielako arreta, eta han zer gertatzen den adi egon behar delako.
4.- Inguruaren egonkortasuna eta malgutasuna.
Umeak objetuaren ezaugarriak bilatzen ditu. Pentsamenduarekin aurreratu egiten ditu gero aurkitzea espero dituen ezaugarriak. Objetuek ezaugarri jakin batzuk dituztelakoan dago umea, ezaugarri horiek dauzkaten objetuekin akzioa egin gura duelako, eta, burutu ondoren, akzioak ematen duen plazerraz gozatu. Ezaugarri horiek aurkitu ezean, igarri egiten dio. Aldea oso handia bada, errealitatearen zentzua gal dezake. Zelan aurreikusi arrisku hori? Zer egin behar du horrelakoetan hezitzaileak?
- Ez du antsietate pedagogikorik izan behar
- Ez hasi bere gaitasun logikotik eta bere heltze prozesu afektibotik ezin ulertu daitezkeen azalpenak ematen
- Ez eskaini objeturik bereizi barik.
Horrela jokatu ezean, aldez aurretiko eskema asaldatu edo aztoratu egingo litzateke, eta umeak ahul ikusiko luke bere burua bai afektiboki, bai indar aldetik ere.
Dena dela, arrazoiketa hori ez da eragozpena izan behar ingurua malgua dela onartzeko; hau da, umeak eraldatzeko premia daukanez, aldeko giroa izan behar du aldaketak lortzeko, eboluzionatzeko, sortzeko,.... beti ere, itxuraldaketa hori gehiegizkoa ez bada. Laburbilduz, gelan egonkortasuna lortu behar da umeak ez ditzan galdu segurtasuna ematen dioten desberdintasunak; era berean, malgutasuna lortu behar da segurtasunean hazi eta aurrera egin dezan.
5.- Heldua legearen eta segurtasunaren ezaugarri.
Gela horretan umeak askatasunez adieraziko du adierazi beharrekoa. Beraz, inork epaitu, zigortu eta ulertuko ez duen beldur barik adierazteko giroa behar du umeak esan beharrekoak esateko. Apurka-apurka bere izaera agertuko du, den bezala, eta, horretara, heldu-hezitzaileak ezagutu egingo du, ulertu egingo du eta segurtasuna emango dioten erantzunak eman ahal izango dizkio.
Beraz, psikomotrizistak ordezkatzen duen legea ez da ez bidegabea, ezta zurruna ere: autoritatea islatzen du, baina ez autoritarismoa. Gelan umeak bete beharrezko oinarrizko arauak egongo dira ezarrita, esate baterako:
- Ezin zaie minik egin besteei
- Ezin da materialik apurtu
-....
No hay comentarios:
Publicar un comentario